XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BEZALA, BEZALAKO.

- Ni hona ailegatu nintzenean, aspaldi, oso aspaldi ..., zuk bezala pentsatzen nuen (zuk pentsatzen duzun bezala)

- Zerua eta infernua nahastuta daude hemen, leku guztietan bezala (leku guztietan gertatzen den bezala)

- Bizitzen ari zen mementu hura zineman ikusitako fotogramak bezalakoa zen.

- Nola izan zitekeen eroa Irene bezalako emakume bat?

- Herri txiki batean, zer egin zezakeen zu bezalako gazte esperientziagabe batek?

Ikus dezagun nola definitzen dituen hiztegiak:

BEZALA:

1. berdintasunezko erlazioa duten perpaus gonbaratiboetan erabiltzen den moduzko aditzondoa: nik zuk bezala egin nahi nituzke eskolako lanak.

Legez, moduan.

2. gonbaratiboa ez denean, baldintza-moduzko perpausak gauzatzen ditu ba- aurrizkia eta honi datxekiola aditza aurretik dituela (baldintzazko aditza ezkutuan nahiz agerian egon daiteke; beste egitura batetako esamoldez ere gauzatu ohi da baldintza) moduzko perpausa: adiskide bailitzan etorri eta azpijana egin; beti han bizi izan balitz bezala bertakotu zen.

BEZALAKO:

1. zerbaitek beste batek adinako tasunak dituela aditzera emateko gonbaraziozko perpausetan erabiltzen den izenondoa: horrek guk bezalako aurpegi zuria du. (-)lakoa.

Moduzko perpaus hauek aditz ez-jokatuekin ere egituratzen dira, baina beti aspektu perfektuarekin.

Adibidez:

Amak azaldu bezala prestatu dut arrain zopa (Amak azaldu didan bezala).

Baina: Zuek egingo duzuen bezala egingo dugu guk.

Irigoienek idazten duen bezala idatzi nahi dut.

Kasu hauetan ezin elidi daiteke aditzaren bigarren elementua.